Languages Lanean 2027 kongresuak izen-emateko epea ireki du
Hizkuntzen kudeaketa eta enpresen lehiakortasuna izango ditu ardatz nazioarteko kongresuaren bigarren edizioak, Donostian, 2027ko urtarrilaren 28an eta 29an.
Languages Lanean nazioarteko kongresuak 2027ko ediziorako izen-emate epea ireki du. Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, kongresuaren bigarren edizioa Donostian egingo da, 2027ko urtarrilaren 28an eta 29an, hizkuntzen kudeaketak eremu sozioekonomikoan eta enpresen lehiakortasunean duen garrantzia aztertzeko. Lehen edizioa 2024an egin zen Bilbon, eta izandako harrera ona ikusita, hiru urte geroago itzuliko da kongresua, nazioarteko begirada zabalduz eta hizkuntzen kudeaketaren inguruko esperientziak eta praktika aurreratuak partekatzeko topagune izateko asmoz. Bi eguneko ekimena, bi gunetan egingo da: urtarrilaren 28an, Kursaalean, eta urtarrilaren 29an, GOen (Gastronomy Open Ecosystem).
Hizkuntzen kudeaketa, lehiakortasunaren faktore
Enpresen eta erakundeen eguneroko erronkei erantzuteko tresna gisa landuko da hizkuntzen kudeaketa. Izan ere, bezeroekiko harremanetan, langileen motibazioan eta talde-kohesioan, ezagutzaren transmisioan, erakundeen nortasunean eta berrikuntzan eragin dezake hizkuntzen kudeaketa egokiak. Hala, kongresuak erakundeen estrategian hizkuntzek duten lekua aztertuko du, eta enpresa eta entitate aurreratuen esperientziak ezagutzeko aukera eskainiko du. Besteak beste, nazioartekotzea, pertsonen kudeaketa, bezero-esperientzia, gizarte-erantzukizuna eta adimen artifizialak hizkuntzen kudeaketan eskaintzen dituen aukerak izango dira hizpide. Era berean, hainbat sektore ekonomikotan hizkuntzen kudeaketak duen eragina aztertuko da, hala nola industrian, kirolean, osasunean eta zaintzan, merkataritzan, ostalaritzan eta turismoan.
Euskal Herriko eta nazioarteko esperientziak partekatzeko topagunea
Kongresuan Euskal Herriko zein nazioarteko profesional eta adituak bilduko dira, hizkuntzen kudeaketaren arloan dituzten ezagutzak, esperientziak eta praktika onak partekatzeko. Horrez gain, euskarak eremu sozioekonomikoan egindako ibilbidea aitortzeko eta etorkizuneko erronkei begirako oinarriak ezartzeko balioko du topaketak. Testuinguru horretan, LANera egitasmoa ere aurkeztuko da. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekimen horren bidez, euskara lan munduan txertatu eta hedatu nahi duten enpresen sare iraunkorra osatu nahi da.
Izen-ematea zabalik
Languages Lanean 2027 kongresua edonorentzat irekia izango da, baina bereziki enpresa-arduradunei eta profesionalei zuzenduta dago: enpresaburuei, giza baliabideetako eta sistemetako arduradunei, eta hizkuntzen kudeaketan interesa duten profesionalei, oro har. Kongresuan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena. Bi eguneko topaketak aukera eskainiko du hizkuntzen kudeaketak erakundeen lehiakortasunari egiten dion ekarpena ezagutzeko, beste esperientzia batzuetatik ikasteko eta norberaren erakundean aplikatzeko moduko ideiak eta tresnak eskuratzeko.
Izena eman honako esteka honetan: https://labur.eus/LL2027-izen-emate-eu



