Mondragon Korporazioa, GKN eta KONE erakundeetako ordezkariek euren esperientziak kontatu dituzte
Hamaiketakoa aurretik Europatik etorritako hiru adituen hitzaldiak entzuteko aukera egon da, eta ondoren enpresen esperientziak ezagutzeko txanda iritsi zaie bertaratutakoei. Lehenengoa Leire Mugerza izan da. Mondragon Korporazioaren Kongresuko eta Batzorde Iraunkorreko presidenteak “Mondragon eta euskara elkarrekin hazi gara” esaldiarekin hasi du bere aurkezpena, eta ondoren korporazioak euskararekin egindako ibilbidearen berri eman du: “Mondragon Korporazioa industriako beharrei erantzuna emanez hazi egin da, eta euskararen indartzea gizartean zegoen behar bat zela ikusi genuen. Aspalditik hainbat ekimen bultzatzen ditugu (mintza taldeak, ikastaroak...) euskara ez dakiten langileek euskara ikas dezaten”.
Ondoren, Sandra Sanchezek GKN Automotive multinazionalaren hizkuntza-kudeaketaren garrantzia estrategikoari buruz hitz egin du. GKN Zumaia eta Legazpiren kasu zehatzetan sakondu du, erakunde barruan euskararen erabileran nola eragiten duen eta euskara txertatzeko prozesuari buruzko informazioa emanez: “Euskara batzordeak daude bolondres diren langileez osatuta eta hilabetero elkartzen direnak. Hizkuntza paisaiarekin gauza handiak egiten hasi ginen eta kudeaketa sistemak, web ataria, etab. itzultzen. Neurri txikiak hartuta (bilerak euskaraz eginez edo e-mailak euskaraz bidaliz), urte gutxitan erabilera handitzea lortu dugu”.
Francisco Paniagua KONEn 25 urteetan zehar izandako esperientziaz hitz egin du. KONEren hizkuntza globala ingelesa da. Hala ere, hainbat herrialderekin lan egin behar denean, tokiko hizkuntza erabiltzea funtsezkoa dela adierazi du: "Gaur egun, KONEk itzulpen-sistema zentralizatu bat du, dirua aurrezten diguna, zibersegurtasun-maila hobea izateko aukera ematen diguna, itzulpenak azkarrago egiteko aukera ematen diguna eta mundu guztiak informazio guztia bere tokiko hizkuntzan eskuratu ahal izatea bermatzen duena".
Arazo meteorologikoak direla eta, Google-eko Johanna Harings-ek ezin izan du Bilbora ailegatu eta bere hitzaldia bertan behera geratu da.


