Nazioarteko erakunde eta enpresetako hainbat ordezkari elkartuko dira urtarrilaren 18an Languages Lanean kongresuan
Languages Lanean Kongresuaren lehenengo edizioa egingo da urtarrilaren 18an, Euskalduna Bilbao Jauregian, eta 19an, Guggenheim Museoan. Helburuak dira lan munduan hizkuntza-kudeaketak duen garrantzia azpimarratzea eta eremu sozioekonomikoan egun garatzen diren praktika onak zabaltzea.
Kongresua urtarrilaren 18an abiatuko da Euskalduna Bilbao Jauregian, eta, bertan, Eusko Jaurlaritzako eta Europar Batasuneko ordezkariak egongo dira, baita bertako zein nazioarteko enpresetako arduradunak ere. Federal Union of Nationalities-eko Johann Hägmannen eskutik, bertaratutakoek aukera izango dute Hizkuntzen kudeaketa Europar Batasuneko testuinguruan ezagutzeko. Halaber, Islandiako esperientzia jasoko dute Jóhanna Vigdís-en eskutik (Icelandik Centre for Language Technology-ko CEO ohia). Ondoren, Guro Refsumek hizkuntza kudeaketa korporatiboari buruz hitz egingo du, Eskandinaviako negozioetatik sortutako ikuspuntutik.
Horrez gain, Google, GKN, KONE eta Mondragon Korporazioa erakundeetako ordezkariek euren esperientziak kontatuko dituzte. “Jendea kongresura etortzera animatu nahiko nuke, elkarrekin lankidetzan gehiago egin dezakegulako. Mondragon Korporazioaren esperientzia xumea baino luzea azalduko dugu, eta gainerakoen esperientziatik ere ikasiko dugu”, azaldu du Mondragon Korporazioko Leire Mugerzak.
Kongresuan izena emateko: https://labur.eus/qKybq


