Urtarrilaren 19an, kulturaren esparruko eragileen txanda izango da
Urtarrilaren 19an, kulturaren esparruan hizkuntzaren kudeaketak duen garrantzia izango da hizpide Guggenheim Bilbao Museoan. Horretarako kultur eremuko sortzaile eta eragileek hartuko dute hitza. Bertan, kulturaren eremuan hizkuntza kudeaketaren alorreko hainbat praktika on ezagutzeko aukera izango dugu, eta hizkuntzarekiko hartzen diren hautu pertsonalei buruz ere gogoetatzeko aukera egongo da.
Erakunde gisa hartzen diren hautuez, egiten diren praktikez eta ekimen edo topaketek hizkuntzen kudeaketan duten eraginaz hitz egiteko, Guggenheim Museoa, Durangoko Azoka, Euskadiko Orkestra eta Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren ordezkariak egongo dira.
Ondoren, Esti Urresola gidoilari, zuzendari eta ekoizlearen, Itziar Ituño aktorearen eta Pello Reparaz musikari eta ekoizlearen esperientziak eta hausnarketak entzun ahal izango ditugu, arlo indibidualean hartzen diren hautu linguistikoen inguruan.
Goiz osoan zehar, Xabi Paya Getxoko Kultur Etxeko zuzendari eta kudeatzailea arituko da moderatzaile. Haren esanetan, “Languages Lanean Kongresua oso garrantzitsua izango da, erdigunean jarriko duelako hizkuntzen kudeaketa gaur egungo gizartearen hainbat ikuspegitan”.
Kongresuan izena emateko: https://labur.eus/qKybq


